ABOKATU PENALISTAK
SALAKETA
Zer da?
Ustez delitu diren egitateen berri ematen duen adierazpena da, ahoz edo idatziz jasotakoa. Ez da beharrezkoa lekuko izatea ezta kalterik eragitea ere.
Salaketa egitate faltsuengatik aurkezten bada, salatzaileari erantzukizun penala eta zibila egotz dakioke.
Salatzea derrigorrezkoa da?
Delitu publiko bat burutu delaren ezagutza duen pertsona orok salatzera beharturik dago. Hala ere, derrigortasunaren salbuespenak daude, ez daude salatzera behartuak:
- 16 urtetik beherakoek.
- Gaitasun nahikorik ez dutenak.
- Delitugilearen ezkontidea, seme-alabak eta gurasoak .
- Abokatuak, bere bezeroek azaldutakoaren gain.
- Apaizak, bere eliz funtzioen egikaritzan jasotzen dituzten berrien gain.
Noiz eta nola salatu?
Salaketak egiteko bulegoetara joan zaitezke (polizia-etxeetara, Guardiako Epaitegira eta Fiskaltzaren aurrean). Bertako langileek, zuk adierazten duzuna idatziz jasoko dute eta sinatu egin beharko duzu. Bertan zure salaketaren kopia bat edo salaketa aurkeztu izanaren egiaztagiri bat eman beharko dizute.
Salaketa batek, betekizun minimo batzuk bete behar ditu, hala nola, salatzailea identifikaturik agertu behar da (NAN), parte-hartzaileen eta egitateen berri eman behar du eta, azkenik, sinaturik aurkeztu behar da.
Denbora aldetik arazorik ez ba dago, Gomendagarria da abokatu batengana jotzea, kasua sakonki aztertuz era egokienean adieraziz, salaketa ondo idatzirik joateko.
DELITU ARINA
Zer da delitu arina?
Egitatearen ezaugarriak, inguruabarrak eta egilearen inguruabar pertsonalak kontuan hartuta, salatu den delitu arinaren astuntasuna oso txikia izan behar du, “arina” bezala kontsideratua izateko.
Gure Zuzenbidean, diferentzia kualitatiborik ez dago delituen eta falten artean. Diferentziak formalak baino ez dira, legeak arau-hauste batzuei edo besteei ematen dien izaeraren arabera, edota kuantitatiboak, ezartzen dien zigor motaren arabera. Erreforma penalaren ostean, lesio-faltak desagertu egiten dira, eta delitu arinen katalogoan sartzen dira.
Delitu arina kontsideratua izateko zigor arina behar du atxikia eraman, hala nola, gidatzeko debekua 3 hilabetetik urte betera, armak erabili eta eramateko debekua 3 hilabetetik urte betera, leku zehatzean bizitzeko debekua 6 hilabeteraino, hurbiltzeko edo komunikatzeko debekua hilabetetik 6 hilabete artekoa, une oro lokalizatua egotea egun batetik 3 hilabete artekoa eta gizartearetzat lan egiteko zigorra egun batetik 30 egun artekoa.
Egitate mota hauek salatzeko epea urte batekoa da.
Zertan datza delitu arinengatiko epaiketa?
Ahozko prozedura erraza aurreikusten da, eztabaidak Instrukzioko epaitegian bertan zuzenean ebatziz.
Egitatea lesio delitu arina, egitatezko tratu txarrak, ageri-ageriko ebasketa, mehatxuak, derrigortze edo irainak ba dira, delitu arinei buruzko berehalako epaiketa ospatuko da Goardako Epaitegiaren aurrean.
Beste delitu arina ba da, Goardako epaitegian bertan ezin ba daiteke ospatu lekukoak eta alderdiak zitatzeko ezintasunagatik, Instrukzio Epaitegiaren aurrean burutuko da epaiketa. Kasu honetan, epaileak 7 eguneko epea du eguna jartzeko eta epaiketa arrunta ospatzeko.
Zer egin dezaket ebazpenarekin ados ez ba nago?
Ebazpenaren kontra apelazio-errekurtsoa tarteratu daiteke bost eguneko epean Auzitegi Probintzialaren aurrean. Bitartean, prozedura kontsultatu daiteke Epaitegiaren Idazkaritzan.
BIKTIMA/KALTEDUN ETA SALATUEI DAGOZKIEN ESKUBIDEAK
Ze eskubide bermatzen zaizkio pertsona kaltedun edo biktimari?
- Auzian pertsonatzeko eta abokatua izendatzeko eskubidea.
- Jardundakoa ezagutzeko eta bakoitzari dagozkion egintzak eskatzeko eskubidea.
- Delituak eragindako kalte galeren ordaina eskatzeko eskubidea.
- Biktima bezala, eskubidea duzu Fiskaltzaren funtzioaren gainean informatua izateko (ez bazara auzian pertsonatzen edo uko egiten badiozu kalteordaina jasotzeari), biktima laguntzeko aukeragarri dituzun neurrien gainean informazioa eskatu dezakezu eta zure esku dauden frogabideekin batera agertu behar zara epaiketan.
Ze eskubide bermatzen zaizkio pertsona salatuari?
Egintza zigorgarria egozten zaion norbanako orok egitate horien berri izateko eta ikerketaren helburuan eta egotzitako egitateetan izandako aldaketa esanguratsuen berri izateko eskubidea izango du; eskubidea izango du, halaber, honako hauetarako: defentsa eskubidea gordetze aldera, behar besteko denboraz jarduerak aztertzeko; bere kabuz abokatua aukeratzeko; doako sorospen juridikoa eskatzeko, sorospen-prozeduraz jakiteko eta sorospen-baldintzen berri izateko; doako itzulpena eta interpretazioa izateko; isilik egoteko eta, hala nahi badu, adierazpenik ez egiteko; nork bere buruaren aurka deklaraziorik ez egiteko; eta nork bere burua errudun ez aitortzeko.
Kontutan hartu behar da, epaiketara frogabide guztiekin agertu behar dela eta, era egokian zitaturik zaudenean, epaiketara ez joateak ez dakarrela etetea.
Behin prozedura amaitutakoan, pertsonak eskubidea du emaitzaren berri izateko, xedatutako ebazpenaren kopiarekin eta errekurtso posibleak aipatuz.
Zer esan nahi du pertsonatzea?
Prozesuan alderdi bezala parte hartzea esan nahi du. Batzuetan, abokatu bidez pertsonatzea beharrezkoa da. Behin pertsonaturik, jardundakoa ezagutu dezakezu, norbere eskubideari komeni zaizkion eginbideak eskatu, jardunetan parte hartu eta kalte galeren ordaina eskatu dezakezu.
Ez ba zara pertsonatzen edo akzioa egikaritzeari uko egiten ba diozu, fiskalari dagokio delituak eragindako kaltearen defentsa, salatzaileak ez du prozesuan parte hartzen. Kasu honetan, epaitegiak judizioaren data jakinaraziko dizu eta prozesuari amaiera ematen dion ebazpenaren berri emango dizu soilik.
Oso garrantzitsua da pertsonatzea egile ezezagun edo egitateak delitu diren ala ez argi ez dagoenean, auzia artxibatzea ekiditeko.
Zitazioa jaso dut lekuko edo aditu bezala, zer egin behar dut?
Epaitegi batetik zitazio judiziala bat jaso ezkero, ondokoa jakin behar da: Irakurri arretaz zitazioa eta, edukia ulertzen ez bada, jarri harremanetan zure konfiantzako abokatuarekin edo zitazioa bidali duen Epaitegiarekin. Epaitegiaren hitzordura joatea nahitaezkoa da. Osterantzean isuna jasotzeko aukera dago eta, behin eta berriz gauza bera gertatuz gero, Epaileak polizia-agenteen bidez joateko agindua eman dezake. Epaitegiaren aurrean agertzerik ez baduzu, Epaitegiari jakinarazi beharko diozu lehenbailehen. Egia esatera behartuta daude lekuko eta adituek. Gertaerei buruzko galderak epaileak, fiskalak eta abokatuek egin ahal izango dituzte. Deklarazioan egiten diren galderak ulertzen ez badira, eskatu azalpena. Behar-beharrezkoa da NAN eramatea.
DELITU AURREKARIAK.
Zer dira zigor/delitu aurrekariak?
Delitu baten buruketa pertsonari egotzi eta epai irmo bidez adierazten denean, kondena hori Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralean jasotzen da.
Gauza ezberdina dira polizia-aurrekariak, nahiz eta kondenaturik ez suertatu bertan artxibaturik geratzen dira atxilotuak izan diren pertsona guztiak.
Delitu arinek aurrekariak sortzen dituzte?
Falta existitzen zirenean, horrela kalifikaturiko egitateak ez zuten aurrekaririk sortzen; orain, falta horietako batzuk delitu arin bihurtu dira eta hauek bai aurrekariak daramatzate atxikiak.
Zehazki, delitu arinek sortzen dituzten aurrekariak, delitu jakin batzuen zigor astuntzearentzat hartzen dira kontutan.
Zeintzuk dira aurrekariak ezerezteko baldintzak?
Berez, kondenatuak berriz deliturik ez burutzea da baldintza bakarra, delitu motaren arabera epe desberdinak aurreikusten direlarik:
- 6 hilabete, zigor arinentzat.
- 2 urte, 12 hilabetetik beherako zigorrentzat eta zuhurtziagabekeriazko delituentzat.
- 3 urte, 12 hilabetetik 3 urte arteko zigorrentzat.
- 5 urte, 3 urtetik gorako zigorrentzat.
- 10 urte, zigor larrientzat.
Epeari dagokionez, hau ez da hasten epaia irmo denean baizik eta zigorra azkentzen denean.
2015eko erreformaz geroztik, ez da beharrezkoa zigortuak delituari erantsitako erantzukizun zibila ordaindurik uztea aurrekari penalak ezerezteko.
Defendatu zure eskubideak gurekin!
Harremanetan jarri Arau Abokatuekin gaur bertan.
Harremanetarako informazioa
Calle Arrandi, 7 Entreplanta Dch., 48901, Barakaldo, BIZKAIA